domingo, 16 de noviembre de 2008

Leioako campusa berritu egingo dute

Hona hemen Leioako campusa nola berrituko duten azaltzen den bideolana, Eduvlog bideoblogak babesturik. Ikuspegi orokor baten bidez, etorkizunean nolakoa izango den ikusi daiteke. Iraupena: 02:53.

viernes, 14 de noviembre de 2008

"XXI. mendean ikastea zer den" bideoaren iruzkina

Bideo honetan bi ideia nagusi dira azaldu nahi zaizkigunak: ikasleei nola irakatsi behar zaien XXI. mendean eta noski, honi lotuta, bizitzan eduki behar duten prestakuntza.

Hasteko, duela urte batzuetako metodoak alde batera utzi eta berrikuntzak sartzeko garaia dela uste dut. Bideoan dioen bezala, gaur egungo ikasgela batzuek duela urte asko zeuden ikasgelen antza dute eta hori aldatu beharra dago. Ikasgela eder eta erosoak sortu beharko lirateke, ikasleen parte-hartzea bultzatu behar da, seguru sentiarazi behar zaie… Hau da, metodo berriak bilatu behar dira, horrela, irakaskuntzaren hobekuntza bultzatzeaz gain, ikasleen “motibazioa” ere bultzatuko baita.

Bestalde, Jackie Halaw-ek dio XXI. mendean ikasleek hiru baliabide ikasi behar dituztela: competition (lehiakortasuna), cooperation (elkarlana) eta collaboration (elkarri lagundu). Esan beharra daukat ni honekin erabat ados nagoela. Ikasleei lehiatzen irakatsi behar zaie: alde batetik, egunetik egunera gauzak hobeto egiteko gogoa izan behar dela adierazi behar zaie eta bestetik, gaur egungo gizartea lehiaz betea dagoela jakin behar dute. Baina aldi berean, elkarlana, talde-lana sustatu behar da, bizitzan geure buruaz gain ingurukoak ere kontutan hartu behar baititugu. Honen bidez, ikaskideekin harremanak edukitzeaz gain, gauzak errazago egin daitezke eta denbora ere aurreztu dezakegu. Hala ere, hiru baliabide horien artean, garrantzitsuena hirugarrena iruditzen zait: elkarri laguntzea. Izan ere, norbaitekin lan egiten denean, besteak laguntza behar badu eskaintzeko prest egon behar dugu, guztioi gustatzen baitzaigu laguntza jasotzea arazoren bat dugunean. Gaur egungo gizartean oso garrantzitsua iruditzen zait hiru baliabide horiek ongi barneratuak izatea eta beraz, irakaskuntzak hori bultzatu beharko luke.

Laburbilduz, mende honetan irakaskuntzaren esparruan metodo berrien bilaketari ekin beharra dagoela iruditzen zait, bertako baliabideak ikasteak duen garrantzia ahaztu gabe. Metodo berriak sortzeko gaur egun ditugun aukera desberdinak erabili daitezke, adibidez, teknologia berriak.

Bideoa ikusteko

LIVELY (klaseko ariketa)



Duela astebete, azaroaren 7an, arratsaldeko 5:30etan geratu ginen http://www.lively.com/ webgunean Gorka Palazio irakaslearekin, gelako ariketa bat egiteko asmoz. Ostirala izanik, argi zegoen zenbait pertsonek ezin izango zutela hitzordua bete, baina helburua ahal genuenok behintzat hiru dimentsioko “mundu birtual” hau lehen eskutik ezagutzea zen.

Ariketak, lehen begiratuan, erraza zirudien. Izan ere, hauxe zen egin behar genuena elkarrekin komunikatzeko: lehen aipatutako webgunean sartu, gelen artean “active rooms” aukeratu, bilatzailean “Mountain View” jarri eta azkenik, “Lively: Google Room”-en sartu, gela horretan geratu baikinen hitz egiteko. “Chat” moduko honetan ibiltzeko bi gauza baino ez dira egin behar: aplikazio bat jaitsi, ondoren sartu ahal izateko eta erabiltzaile-kontu bat sortu Google-en.

Ni sartu nintzen, oso puntual izan ez bazen ere, baina ez nuen hitz egiteko aukerarik izan. Blokeatu egiten zitzaidan (ordenagailuaren arazoa) eta beraz, ez zidan idazteko aukerarik ematen. Hala ere, nire pertsonaia egiteko aukera izan nuen eta dirudienez, oso ongi dagoen programa da.

“Second Life” mundu birtualaren antza duela esan daiteke. “Los Sims” bideojokoaren antzekoa ere bada, baina aipatzekoa da hau ez dela denbora pasa bat bakarrik, munduko hainbat pertsonekin komunikatzeko aukera eskaintzen baitu. Ikusten dudan alde txarrena, gela bakoitzak jende kopuru mugatua onartzen duela da, hau da, gela batean jende asko baldin badago, ez du uzten jende gehiago sartzen. Dirudienez, hau gertatu zen pasa den ostiralean. Baina orokorrean, esan beharra daukat programa ona iruditzen zaidala.

lunes, 27 de octubre de 2008

"The Corporation" dokumentalaren inguruko hausnarketa

Mark Achbar eta Jennifer Abbott-ek zuzendutako “The Corporation” dokumentala enpresen munduaren nondik norakoak azaltzen saiatzen da; eboluzioaz, eraginaz eta etorkizunaz hitz eginez. Gaur egun korporazioa gure gizarteko instituziorik nagusienetarikoa denez, horren inguruan dauden faktore guztiak azaldu nahi izan zaizkigu dokumental interesgarri honen bidez.

Korporazioa enpresa handi baten forma duen “pertsona” bezala aurkezten zaigu dokumental honetan. Baina ez da pertsona arrunta; ezmoral, berekoi, kaltegarri, gogor eta errukirik gabekoa baizik. Gaur egun korporazioek (enpresa, konpainia, enpresa-komunitatea) izugarrizko indarra, boterea eta eragina dute. Hauen helburu nagusiena ahalik eta irabazi gehien lortzea da, onurak lortu nahi dituzte jabeentzat eta askotan besteen kontura lortzen dituzte. Nolabait esateko, aberastasun asko sortzen duten erakundeak dira korporazioak, baina kalte asko ere ekartzen dituzte, batzuetan ezkutuak izaten direnak. Niri adibide oso ona iruditu zait dokumentalean agertzen dena, hain zuzen ere, kirol-talde eta enpresen artekoa. Kirol-talde batean, batzuek defenditu egiten dute, beste batzuek baloia pasatzen dute… eta enpresa batean, berriz, bertako kideek ere gauza desberdinak egiten dituzte. Baina guztion helburua berdina da: erakunde bezala arrakasta lortzea. Kide guztiek norabide berean egin nahi dute lana, helburu komuna baitute. Beraz, azken batean, jabeentzako onurak gauza guztien gainetik jartzen dira eta beste hainbat faktore (langileak, enpresaren erabaki eta ekintzek kaltetu ditzaketen pertsonak, gizartearen ongizatea, enpresak sortutako hainbat motatako kalteak, kutsadura, esplotazioa, pobrezia, animalien egoera, osasuna…) bigarren maila batean geratzen dira. Enpresak interesen arabera mugitzen direla esan daiteke, beste guztia ia erreparatu ere egin gabe.

Enpresen eta industriaren erakundeak gaur egun eragin handikoak izateaz gain, aberatsenak, boteretsuenak eta “zapaltzaileenak” direla esan daiteke. Ezin da ahaztu enpresak zenbait kasutan suntsiketa-tresnetan ere bilakatu direla. Nire ustez hau aldatu behar den gauza bat da. Enpresak zabaltzen ari dira eta ukitutako edozer lortzen dute; hala nola, publikoaren kontzientzia hedabideetan, haurren adimena… Korporazioek izugarrizko boterea lortu dute eta hau aldatu beharra dagoela iruditzen zait. Pertsona arruntek kontrolatu beharko lukete mundua, korporazioen boterea urrituz, nahiz eta aldaketa hau zaila izan.

Erlo Telebista (wikipediarako sarrera)

Erlo Telebista Zarauzko Telebistak eta Kaitok (Azpeiti eta Azkoitiko telebista) bat eginez sortu zen 2007ko urrian. Gaur egun, Urola Kostako tokiko telebista honek, 49.000 biztanle inguruko ikusleri potentziala du. Digitalean ikusgai da Urola Kosta eskualdean, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearekin Eusko Jaurlaritzak emandako lizentzia digitalari esker. Azpeitian, Azkoitian, Getarian, Zumaian eta Zarautzen ikusi daiteke telebista, hain zuzen ere, Euskaltelen bidez.
Telebista hau sortzearen arrazoiak, tokiko lizentzia digitalen lehiaketa handia egotea eta baimen digitala eskuratzeak ekartzen zituen betebeharrak izan ziren. Beraz, erronka horri aurre egiteko, bi herri telebistek elkartzea erabaki zuten, telebista berri bat sortuz. Albistegi, erreportaje eta hainbat motatako saioak emititzen dituzte, nahiz eta inguruko albisteei eman garrantzirik handiena. Erlo telebistak sarera ere egin du salto, bere webgunean (http://www.erlotelebista.com/) edukiak zintzilikatuz. Telebistak ekoizten dituen saioei buruzko informazioa, bideoak eta ikusleen parte-hartzea sustatzeko asmoarekin zabaldutako foro bat aurki daitezke bertan. Honen helburu nagusiak ikusleekiko harremana sendotzea eta etorkizunaren aurrean indar gehiago edukitzea dira.

Top 7 zerrenda


Hona hemen nire Top 7 zerrenda. Zerrenda honetan agertzen dira nire ustez baliagarriak diren 7 webguneak. Niri, pertsonalki, oso erabilgarriak iruditzen zaizkit.


1- http://www.google.com/
Informazioa, argazkiak, berriak, mapak… bilatzeko aukera eskaintzen duen webgune ospetsua da hau. Bideoak ere bilatu daitezke eta erabiltzaileak bere bideo propioak igo ditzake. Hau gutxi balitz, Google Earth programa ere eskaintzen du. Webgune hau erabiltzeko oso erraza da eta hori da bere ospearen arrazoietako bat.

2- http://www.youtube.com/
Webgune hau oso lotuta dago ikus-entzunezko munduarekin. Honen bitartez, erabiltzaileek beraien bideoak partekatzen dituzte. Bideoak igotzeko aukera eskaintzeaz gain, ikusteko aukera ere ematen du. Bideo bat ikusi ondoren, zure iruzkina idatzi dezakezu. 10 minutu baino gutxiagoko bideoak eskegi daitezke, hortik gorakoak ezin dira ipini. 2006an “urteko asmakizuna” saria irabazi zuen, beraz, horrek adierazten du gizartearengan izan duen eragin handia.

3- http://www.blogger.com/
Blog pertsonal bat sortu eta argitaratzeko aukera eskaintzen du webgune honek. Bertan informazioa idazteko aukeraz gain, irudiak eta bideoak igo ditzakegu.

4- http://www.cinetube.com/
Hemen pelikulak “online” ikus ditzakegu eta bere alderik onena dohainik dela da. Serieak, dokumentalak, pelikulak… ikus ditzakegu ezertxo ere ordaindu gabe. Horrela, ez ditugu pelikulak jaitsi beharrik.

5- http://www.ikastube.com/
Webgune hau “youtube”-ren antzekoa da, nahiz eta hau euskaraz eta irakaskuntzarako baino ez izan. Hala ere, oso interesgarria eta baliagarria da, irakaskuntzarako euskarazko bideogunea baita.

6- http://www.wikipedia.com/
Wikipedia sarean orririk bisitatuenetarikoa da. Bertan artikulu desberdinak topa ditzakegu eta noski, hizkuntza desberdinetan. Beraz, informazioa bilatzeko modu praktikoa dela esan dezakegu webgune arrakastatsu hau.

7- http://www.zabaldu.com/
Albiste interesgarrienak zabaltzeko aukera ematen duen euskarazko webgunea da hau. Mota honetako webguneak euskaraz (http://www.aupatu.com/), gazteleraz (http://www.meneame.com/), ingelesez (http://www.digg.com/)... dira. Zerbitzu hauek, erabiltzaileak sarean aurkitutako berrietan oinarritzen dira, jendeak web hauetan jartzen baititu. Beraz, webgune hauetara sartzean, jendeak berri desberdinak irakurtzen ditu eta gustuko edo interesgarriren bat aurkituz gero, boto positibo bat eman dezake. Horrela, esan daiteke modu demokratiko batean aukeratzen direla berririk aipagarrienak.

Hauxe da nire Top 7 zerrenda; nire ustez, webgune horiek oso ongi daude, bai lanak egiteko eta baita entretenimendurako ere. “Irrati eta telebistako informazioaren teoria eta teknika” irakasgairako baliagarriak izan daitezke, ikus-entzunezkoen panoramarekin lotuta baitaude, noski, informazioaren esparrua alde batera utzi gabe.