domingo, 16 de noviembre de 2008

Leioako campusa berritu egingo dute

Hona hemen Leioako campusa nola berrituko duten azaltzen den bideolana, Eduvlog bideoblogak babesturik. Ikuspegi orokor baten bidez, etorkizunean nolakoa izango den ikusi daiteke. Iraupena: 02:53.

viernes, 14 de noviembre de 2008

"XXI. mendean ikastea zer den" bideoaren iruzkina

Bideo honetan bi ideia nagusi dira azaldu nahi zaizkigunak: ikasleei nola irakatsi behar zaien XXI. mendean eta noski, honi lotuta, bizitzan eduki behar duten prestakuntza.

Hasteko, duela urte batzuetako metodoak alde batera utzi eta berrikuntzak sartzeko garaia dela uste dut. Bideoan dioen bezala, gaur egungo ikasgela batzuek duela urte asko zeuden ikasgelen antza dute eta hori aldatu beharra dago. Ikasgela eder eta erosoak sortu beharko lirateke, ikasleen parte-hartzea bultzatu behar da, seguru sentiarazi behar zaie… Hau da, metodo berriak bilatu behar dira, horrela, irakaskuntzaren hobekuntza bultzatzeaz gain, ikasleen “motibazioa” ere bultzatuko baita.

Bestalde, Jackie Halaw-ek dio XXI. mendean ikasleek hiru baliabide ikasi behar dituztela: competition (lehiakortasuna), cooperation (elkarlana) eta collaboration (elkarri lagundu). Esan beharra daukat ni honekin erabat ados nagoela. Ikasleei lehiatzen irakatsi behar zaie: alde batetik, egunetik egunera gauzak hobeto egiteko gogoa izan behar dela adierazi behar zaie eta bestetik, gaur egungo gizartea lehiaz betea dagoela jakin behar dute. Baina aldi berean, elkarlana, talde-lana sustatu behar da, bizitzan geure buruaz gain ingurukoak ere kontutan hartu behar baititugu. Honen bidez, ikaskideekin harremanak edukitzeaz gain, gauzak errazago egin daitezke eta denbora ere aurreztu dezakegu. Hala ere, hiru baliabide horien artean, garrantzitsuena hirugarrena iruditzen zait: elkarri laguntzea. Izan ere, norbaitekin lan egiten denean, besteak laguntza behar badu eskaintzeko prest egon behar dugu, guztioi gustatzen baitzaigu laguntza jasotzea arazoren bat dugunean. Gaur egungo gizartean oso garrantzitsua iruditzen zait hiru baliabide horiek ongi barneratuak izatea eta beraz, irakaskuntzak hori bultzatu beharko luke.

Laburbilduz, mende honetan irakaskuntzaren esparruan metodo berrien bilaketari ekin beharra dagoela iruditzen zait, bertako baliabideak ikasteak duen garrantzia ahaztu gabe. Metodo berriak sortzeko gaur egun ditugun aukera desberdinak erabili daitezke, adibidez, teknologia berriak.

Bideoa ikusteko

LIVELY (klaseko ariketa)



Duela astebete, azaroaren 7an, arratsaldeko 5:30etan geratu ginen http://www.lively.com/ webgunean Gorka Palazio irakaslearekin, gelako ariketa bat egiteko asmoz. Ostirala izanik, argi zegoen zenbait pertsonek ezin izango zutela hitzordua bete, baina helburua ahal genuenok behintzat hiru dimentsioko “mundu birtual” hau lehen eskutik ezagutzea zen.

Ariketak, lehen begiratuan, erraza zirudien. Izan ere, hauxe zen egin behar genuena elkarrekin komunikatzeko: lehen aipatutako webgunean sartu, gelen artean “active rooms” aukeratu, bilatzailean “Mountain View” jarri eta azkenik, “Lively: Google Room”-en sartu, gela horretan geratu baikinen hitz egiteko. “Chat” moduko honetan ibiltzeko bi gauza baino ez dira egin behar: aplikazio bat jaitsi, ondoren sartu ahal izateko eta erabiltzaile-kontu bat sortu Google-en.

Ni sartu nintzen, oso puntual izan ez bazen ere, baina ez nuen hitz egiteko aukerarik izan. Blokeatu egiten zitzaidan (ordenagailuaren arazoa) eta beraz, ez zidan idazteko aukerarik ematen. Hala ere, nire pertsonaia egiteko aukera izan nuen eta dirudienez, oso ongi dagoen programa da.

“Second Life” mundu birtualaren antza duela esan daiteke. “Los Sims” bideojokoaren antzekoa ere bada, baina aipatzekoa da hau ez dela denbora pasa bat bakarrik, munduko hainbat pertsonekin komunikatzeko aukera eskaintzen baitu. Ikusten dudan alde txarrena, gela bakoitzak jende kopuru mugatua onartzen duela da, hau da, gela batean jende asko baldin badago, ez du uzten jende gehiago sartzen. Dirudienez, hau gertatu zen pasa den ostiralean. Baina orokorrean, esan beharra daukat programa ona iruditzen zaidala.