jueves, 18 de diciembre de 2008

Ikas dezagun kontzeptuak parekatuz

Honako ariketa honetan, terminoak eta terminoei beraiei dagozkien kontzeptuak parekatu behar dituzu. Kontzeptuak hauexek dira nahas-mahas: bitakora, klimaxa, close up-a, dolly-a, teleprompterra, ekoizpena, slow motion deritzona, jingle-a, jirafa eta klaketa.


0. Jirafa:
Telebistaren alorrean erabiltzen den hitza beso artikulatu moduko tresna bat izendatzeko, hots, mikrofonoa daraman besoa mikroa bera esatariengandik ahalik eta hurbilen ipintzeko iruditik landa utziz.

1. Slow motion:
Irudi mugimendua moteltxoago erreproduzitzea.

2. Telepromterra:
Telebista platoan testuak seinalatzeko sistema digitala. Telebista kameraren ondoan kokatzen da pantaila, esatariak pantailara begiratzen duenean testua irakur dezan, era horretan begirada aurrera zuzenduz eta tinkotuz.

3. Bitakora:
Iberoamerikan erabiltzen den hitza berriemaileentzako eskuliburuak izendatzeko

4. Klaketa:
Telebistan eta zinemagintzan erabiltzen den terminoa arbel txiki bat (zurezko listoi txikerra daukana) izendatzeko. Irudiak eta soinuak sinkronizatzeko erabiltzen da arbelezko tresna hori.

5. Close-up:
Telebistan eta zinemagintzan erabiltzen den hitza esatari edo aktore baten lehen planoa izendatzeko (sorbaldarainokoa) edo lehen-lehen planoa adierazteko.

6. Dolly-a:
Karro batean ezarrita doan garabi txikia, telebista estudioetan erabiltzen dena kamerak leku batetik bestera eramateko. Estudio bakoitzean hiru kamera egon ohi dira eta horietariko batek hain zuzen tresa hau darama.

7. Jingle-a:
Ingelesezko hitza, irratian erabilia eta publizitate doinu arrakastatsuak izendatzeko erabili ohi dena.

8. Klimaxa:
Narrazio baten une gorena (dela irratsaio batena, dela telesaio batena) izendatzeko erabiltzen den terminoa.

9. Ekoizpena:
Irratsaio edo telesaio bat egiteko behar diren baliabide finantziero, material eta juridikoez arduratzea.

Nor da pertsonaia ezkutua?

Ondorengo ariketan, irrati-telebistaren historian sona edo ospea lortu duten pertsonaiak zein diren asmatu behar duzu. Hartu datuak eta kopiatu zure bitakoran edo koadernoan, pertsonaien abizena idatzita. Ea dakizun bakoitzan nor den.


0. Vladimir Zworykin

Errusian sortu zen, Murom hirian hain zuzen, 1899an; eta 1982an hil zen. AEBetan bizitza profesionala egin zuen asmatzaile honek Vladimir zeukan izena. Aditu askok diote bera izan zela telebista elektronikoaren eta bideoaren aita. 1923an, ikonoskopioa asmatu zuen, hau da, irudiak jasotzeko tutua. 1929an kineskopioa ere asmatu zuen. Westinghouse eta Radio Corporation of America (RCA) enpresetan lan egin zuen. II. Mundu Gerran AEBetako gobernurako aholkulari zientifikoa izan zen.


1. Robert Edward "Ted" Turner III

CNN telebista kate ospetsuaren jabea eta gizon aberatsa. 1938. urtean sortu zen eta Robert Edward izena jarri zioten gurasoek. Familia aberats baten hirugarren pertsonaia ospetsua. 2002an, 9.300 milioi dolar galdu zituen AOL Time Warner enpresak kolapsoa eduki zuenean merkatuan. United Nations Foundation-i mila milioi dolar eman zion. Jane Fonda artistarekin egon zen ezkondurik.


2. Jose Maria Iriondo

Kazetari, idazle, telebistalari eta kultur eragile gipuzkoarra. Urrestillan jaioa, 1938an. Merkataritza ikasketak egin ostean, Loiolako Herri Irratian hasi zen esatari lanetan 1962tik 1982ra bitartean. Ez dok amairu taldearen sortzaileetarikoa eta ETBko erredaktore-burua 1983tik 1985ra. Euskaltzain urgazlea eta ETBko zuzendari eta programazio-buru ohia izan zen. Liburu batzuen idazlea: Noiz amatxo? eta Euskal dantzak, kasurako.


3. Ramon Labayen Sansinenea

Euskal Telebistaren proiektua pertsonaia honek burutu zuen. Tolosan jaio zen 1928an eta aita idazle ospetsua izan zen Tolosako alkatea eta EAJkidea izateaz gain. Bere ekimenez ETBz gain, HABE, Euskadi Irratia eta Euskadiko Orkestra sinfonikoa ere sortu ziren.

miércoles, 10 de diciembre de 2008

2. ataza (Gol TV)

Hona hemen Eider Aranberri eta nik 2. atazarako egin dugun bideolana, hain zuzen ere, Gol TV-ri buruzkoa.


martes, 9 de diciembre de 2008

Iragarki bat (Coca Cola)

Publizitatearen munduan garrantzitsua da jendea liluratzeko ideia berriak izatea, hau da, berriztatzailea izatea. Beraz, erakargarritasuna lortu behar da. Hona hemen esandakoa adierazten duen iragarki bat.


sábado, 6 de diciembre de 2008

Irrati albistea zuzenduz

ARIKETA:

Ondoren, ikasle batek egindako albistea daukazu, irratibidetik emititzeko moduan dagoena. Hala ere, errakuntza batzuk daude. Ea dakizun non dauden. Berria arretaz irakurritakoan, zure bitakoran iruzkindu gaizki dagoena zergatia azalduz. Errakuntzak era askotakoak izan daitezke: ortografikoak, esaldien antolakera, esaldien luzera, semantikoak… Kontura zaitez albistearen goikaldean derrigorrez agertu beharreko datuak ditugula, ondoko adibidean ikusten den bezala.

LEIOA IRRATIA
DATA: 2003-XI-3
ALBISTEGIA: 14.00etakoa
ATALA: Euskal Herria
GAIA: ERNE sindikatuaren batzarrea
IDAZLARIA: Iraide Otsaran
IRAUPENA: 35 segundu
_________________________________

ERNE deritzon Ertzaintzaren sindikatu independienteak hilabete honen 31ean eta otsailaren 1ean burutuko du bere bigarren kongresua. ERNE sindikatuak Bilbaon daukan egoitza aukeratu du batzarrea egiteko. Bertan, bost afiliatuko konpromisari batek eta sindikatuko buruzagiek hartuko dute parte. Dena den eta boto eskubiderik gabe izan arren, beste edozein afiliatu ere joan daiteke batzarrera.

Oraingoz, ponentzia bakarra prestatzen ari da ERNE sindikatua, eta afiliatu batzuek iruzkidu didatenez, aipaturiko ponentzia jarraipenekotzat jotzen da, 1988an egin zutenaren ildo beretik joango omen dena.



ALBISTEA ZUZENDUTA

ERNE Ertzaintzaren sindikatu independenteak hilabete honen 31an eta otsailaren 1ean burutuko du bere bigarren kongresua. Sindikatu honek Bilbaon daukan egoitza aukeratu du batzarra egiteko. Bertan, sindikatuko buruzagiek eta bost afiliatuko konpromisario batek parte hartuko dute. Hauez gain, boto eskubiderik izan ez arren, beste edozein afiliatuk ere batzarrera joateko aukera izango du.

Oraingoz, txosten bakarra prestatzen ari da ERNE sindikatua, eta afiliatu batzuek jakinarazi/esan/adierazi digutenez, aipatutako txostena jarraipen bat baino ez da izango, izan ere, 1988an egin zutenaren ildo beretik joango baita.

http://zopelana.org/gorka/?p=71