lunes, 27 de octubre de 2008

"The Corporation" dokumentalaren inguruko hausnarketa

Mark Achbar eta Jennifer Abbott-ek zuzendutako “The Corporation” dokumentala enpresen munduaren nondik norakoak azaltzen saiatzen da; eboluzioaz, eraginaz eta etorkizunaz hitz eginez. Gaur egun korporazioa gure gizarteko instituziorik nagusienetarikoa denez, horren inguruan dauden faktore guztiak azaldu nahi izan zaizkigu dokumental interesgarri honen bidez.

Korporazioa enpresa handi baten forma duen “pertsona” bezala aurkezten zaigu dokumental honetan. Baina ez da pertsona arrunta; ezmoral, berekoi, kaltegarri, gogor eta errukirik gabekoa baizik. Gaur egun korporazioek (enpresa, konpainia, enpresa-komunitatea) izugarrizko indarra, boterea eta eragina dute. Hauen helburu nagusiena ahalik eta irabazi gehien lortzea da, onurak lortu nahi dituzte jabeentzat eta askotan besteen kontura lortzen dituzte. Nolabait esateko, aberastasun asko sortzen duten erakundeak dira korporazioak, baina kalte asko ere ekartzen dituzte, batzuetan ezkutuak izaten direnak. Niri adibide oso ona iruditu zait dokumentalean agertzen dena, hain zuzen ere, kirol-talde eta enpresen artekoa. Kirol-talde batean, batzuek defenditu egiten dute, beste batzuek baloia pasatzen dute… eta enpresa batean, berriz, bertako kideek ere gauza desberdinak egiten dituzte. Baina guztion helburua berdina da: erakunde bezala arrakasta lortzea. Kide guztiek norabide berean egin nahi dute lana, helburu komuna baitute. Beraz, azken batean, jabeentzako onurak gauza guztien gainetik jartzen dira eta beste hainbat faktore (langileak, enpresaren erabaki eta ekintzek kaltetu ditzaketen pertsonak, gizartearen ongizatea, enpresak sortutako hainbat motatako kalteak, kutsadura, esplotazioa, pobrezia, animalien egoera, osasuna…) bigarren maila batean geratzen dira. Enpresak interesen arabera mugitzen direla esan daiteke, beste guztia ia erreparatu ere egin gabe.

Enpresen eta industriaren erakundeak gaur egun eragin handikoak izateaz gain, aberatsenak, boteretsuenak eta “zapaltzaileenak” direla esan daiteke. Ezin da ahaztu enpresak zenbait kasutan suntsiketa-tresnetan ere bilakatu direla. Nire ustez hau aldatu behar den gauza bat da. Enpresak zabaltzen ari dira eta ukitutako edozer lortzen dute; hala nola, publikoaren kontzientzia hedabideetan, haurren adimena… Korporazioek izugarrizko boterea lortu dute eta hau aldatu beharra dagoela iruditzen zait. Pertsona arruntek kontrolatu beharko lukete mundua, korporazioen boterea urrituz, nahiz eta aldaketa hau zaila izan.

No hay comentarios: